2010-05-25

Oihana Bartrak Bilboaldeko txapela jarri du laugarren aldiz jarraian

Peio Ormazabal izan da txapeldunordea, parte hartu duen lehen aldian

Igandean, Bilboaldeko finala jokatu zen Lonbo aretoan eta bertan, 6 bertsolari aritu ziren kantuan 100 entzule ingururen aurrean: Peio Ormazabal, Oihana Bartra, Arkaitz Zipitria, Eneko Piedra, Mikel Galartza eta Irati Erkizia. Lehenago ere hartu ditu bertsolari eta bertsozaleak herriko areto eleganteenak, baina oraingoan berezitasun bat zeukan saioak. Kantuan aritu ziren sei bertsolarietatik bi herrikoak ziren, Peio eta Arkaitz.

Saioak denetarik izan zuen, bertso onak, txarrak, sakonak, barrez lehertzeko modukoak,... eta orokorrean gustura egon ziren hurbildutakoak.

Lehen zatiaren ostean, punturik gehien zituzten bi bertsolariek egin zuten aurrera: Peiok eta Oihanak. Eta bien artean jokatu zuten buruz-burukoan erabaki zen nor izango zen txapelduna. Azkenerako Oihana Bartrak jantzi zuen txapela, segidan lortzen duen laugarrena, eta Peio txapeldunorde izan zen. Saio ederra egin zuen eta emaitza ere parekoa izan zen!

Hurrenez hurren Irati, Arkaitz, Mikel eta Eneko izan ziren hirugarren, laugarren, bostgarren eta seigarren.

Gauzak horrela, Oihana txapelduna zuzenean sailkatu da urrian hasiko den Bizkaiko Bertsolari txapelketarako eta besteak gainontzeko saioetako puntuazioen zain geratu beharko dira. Haatik, Peiok hanka eta erdi dauka sartua txapelketan. Espero dezagun hala izatea! Besteek zailxeago daukate...



Eskolartekoaren txanda


Aste honetan Bizkaiko eskolarteko txapelketako sailkapen saioak burutuko dira gaur hasi eta osteguna bitartean. Bertan ere, Arrigorriagatar ugarik hartuko du parte. Peioz gain (iazko txapelduna), honen anaia den Txaber (iazko txapeldunordea), Peio, Iker, Oier eta Endika arituko dira. Horiez gain Arrigorriagako bertso-eskolan dabilen Olatz Ugaotarra ere (iaz umetan txapeldunorde izan zena) ariko da kantuan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario