2010-06-25

Zuentzako ez dago lekurik!

Zarautzeko herritarrek bazkari herrikoia prestatu zuten joan den astean, eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, gonbidatuak ez zeudenak agertu ziren, baina, eurentzako ez zegoen lekurik... EZTA EGONGO ERE!


2010-05-25

Oihana Bartrak Bilboaldeko txapela jarri du laugarren aldiz jarraian

Peio Ormazabal izan da txapeldunordea, parte hartu duen lehen aldian

Igandean, Bilboaldeko finala jokatu zen Lonbo aretoan eta bertan, 6 bertsolari aritu ziren kantuan 100 entzule ingururen aurrean: Peio Ormazabal, Oihana Bartra, Arkaitz Zipitria, Eneko Piedra, Mikel Galartza eta Irati Erkizia. Lehenago ere hartu ditu bertsolari eta bertsozaleak herriko areto eleganteenak, baina oraingoan berezitasun bat zeukan saioak. Kantuan aritu ziren sei bertsolarietatik bi herrikoak ziren, Peio eta Arkaitz.

Saioak denetarik izan zuen, bertso onak, txarrak, sakonak, barrez lehertzeko modukoak,... eta orokorrean gustura egon ziren hurbildutakoak.

Lehen zatiaren ostean, punturik gehien zituzten bi bertsolariek egin zuten aurrera: Peiok eta Oihanak. Eta bien artean jokatu zuten buruz-burukoan erabaki zen nor izango zen txapelduna. Azkenerako Oihana Bartrak jantzi zuen txapela, segidan lortzen duen laugarrena, eta Peio txapeldunorde izan zen. Saio ederra egin zuen eta emaitza ere parekoa izan zen!

Hurrenez hurren Irati, Arkaitz, Mikel eta Eneko izan ziren hirugarren, laugarren, bostgarren eta seigarren.

Gauzak horrela, Oihana txapelduna zuzenean sailkatu da urrian hasiko den Bizkaiko Bertsolari txapelketarako eta besteak gainontzeko saioetako puntuazioen zain geratu beharko dira. Haatik, Peiok hanka eta erdi dauka sartua txapelketan. Espero dezagun hala izatea! Besteek zailxeago daukate...



Eskolartekoaren txanda


Aste honetan Bizkaiko eskolarteko txapelketako sailkapen saioak burutuko dira gaur hasi eta osteguna bitartean. Bertan ere, Arrigorriagatar ugarik hartuko du parte. Peioz gain (iazko txapelduna), honen anaia den Txaber (iazko txapeldunordea), Peio, Iker, Oier eta Endika arituko dira. Horiez gain Arrigorriagako bertso-eskolan dabilen Olatz Ugaotarra ere (iaz umetan txapeldunorde izan zena) ariko da kantuan.

2010-03-19

Hipokresiari STOP!

Zapaterok, Espainiar inperioko presidenteak, telebistan ikusten dugun bakoitzean bakearen aldeko aldarrikapenez ahoa betetzen duen horrek, hitz politez betetzen ditu bere diskurtso monotono-aspergarriak, eta gizon jator eta leialaren papera ederto betetzen du, baina, aldi berean, berak eta inperioko laguntxoek, milaka arma saltzen dizkiete giza eskubideak errespetatzen ez dituzten hainbat estaturi, nola ulertu daiteke hori?

(Ez dut bere hauteskunde kanpainan salmenta hauen inguruko aipamenik gogoratzen, memoria txarra nirea gero!)



Zalantza txiki bat daukat, zer da MISIONES DE PAZ delako hori?
Ez da ba hurrengo bideoan soldadu estatuar batek kontatzen diguna izango ezta?

Facebook: Orwellek aurreikusitako mundurantz?

2010-03-12

Martxoaren 20an Urduñako Gazte Eguna!

Martxoaren 20an Urduñan egingo den Gazte Egunaren arira, euskaldunon sustraiekin oso lotuta dagoen bideo paregabe bat egin dute Urduñako Gazte Asanbladako kideek.
Gazte Egunean gazteon eskubideak aldarrikatu eta herri guztietan (gurean ere bai, noski!) hain beharrezkoa den Gaztetxe baten beharrean daudela erakutsiko dute.
Informazio gehiago nahi izatekotan: http://www.urdunakogazteasanblada.org/


Eutsi goiari gazteak!

2010-03-08

Nola ikusten dute bertsolaritza kanpotik?

Bertsolaritzaren inguruko dokumental labur eta interesgarri batekin gatozkizue, non kanpotarra den aditu batek bere iritzia eman, eta bertsolariak entzuten dituen bakoitzean txundituta geratzen dela azaltzen duen. Horrez gain, munduan dauden beste inprobisazio ohiturekin alderaketa bat bideratzen du.


2010-02-25

Bakean dagoena, ezin bakean utzi. Bakearen izenean omen...


Inperialisten banderapean, bakean dagoena bakean uzten ez duen "bake epaitegiaren" deia. Zer edo zer gaizki egiten ari garen seinale... edo ongi... nondik begiratzen den...

Eskerrak, noizean behin, epaileak justiziarantz hurbiltzen diren... eta "herritarren zaintzaz" arduratzen direnen umekeria guztiei kasurik egiten ez dieten...

2010-02-23

Tanti Popoli un Unica Lotta!

Tanti Popoli un Unica Lotta!, ``hamaika herri, borroka bakarra´´, lelopean, Italiako Euskal Herriaren Lagunak taldeak eta hainbat elkartek deituta, 2000 lagunetik gora batu ziren joan den larunbatean Milaneko kaleetan, Euskal Herriaren eta munduko gainontzeko herri zapalduen aldeko aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko asmoz.

Hurrengo bideo hau, munduko herriak, eta horien artean gurea, bakarrik ez daudela erakusten duen beste adibide garbi bat baino ez da. Batzuek elkartasun ohiu horiek ezkutatzen, ixilarazten eta delitutzat jotzeraino iristen badira ere (ez dezagun ahaztu, orain egun gutxi, Asturiaseko kartzela baten aurrean Euskal Preso Politikoen alde egiteagatik, hainbat lagunek isun zigorra jaso zutela), bakarrik ez gaudela eta inor bakarrik utziko ez dugula gero eta argiago ikusi eta esaten dugu!



Elkartasunetik konponbidera!

2010-02-15

EZLNko Marcos komandanteordea

EZLNko ikur esanguratsuena den Marcos komandanteordeak bere benetako aurpegia erakutsi du orain egun gutxi interneten mundua zeharkatzen dabilen bideo batean.
Bertan, behin eta berriz adierazi duen bezala, bere herriaren eta munduko herri guztien eskubide guztiak eskuratu arte borrokan jarraituko dutela azpimarratzen du.

Eutsi goiari!

2010-02-13

MOZORRATURIK

Mozorrotzeko ohitura nondik dator? zer dela eta? zertarako? zein helbururekin?

Hona hemen, horri buruz hitzegiten digun historio txiki bat.

"Kristautasunaren egutegian *Garizuma garrantzi handikoa da. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian penitentzia eta baraualdi aro hau gogorra ohi zen; horregatik Garizuman sartu baino lehenagoko aldia alaiki ospatzen zen arau eta giza legeen gainetik, aro hitza heldu arte. Dudarik gabe kristautasuna baino lehenagoko ospakizun zaharrak ere nahasi egiten ziren. Festa honek izen desberdinak ditu: iñauteak, ihauteriak, iyoteak, aratuzteak…

Ihauterietan herriak mozorroz betetzen dira, izen desberdinak hartzen dituztelarik: mozorro/moxorro (Goñi, N), momoxarro/ momotxorro (Altsasu, N), kokomarroak (Elorrio, B), kokoxak (Markina, B)…

Gizarte arauak orain baino itogarriagoak ziren garaian ihauteriek garrantzi handiagoa zuten; ihauterietan dena haizu baitzen, gizarte molde guztiak bestelakatzen ziren: eskale zena aberats bilakatzen, gizonezkoak emazte, laikoak elizgizon, apezak apezpiku…

Iraultza hau ez zen agintarien gustukoa, jakina, horregatik behin eta berriz debekatzeko saioak egiten zituzten, edota zigor galantak ezartzen; adibidez
1601. urtean Iruñeko (N) ihauterietan apez batek, kalean kardinalarena egiteagatik, gogorki ordaindu behar izan zuen: bi urtez hiritik erbesteraturik, urtebete lan eta soldatarik gabe eta isun bat ordaindu beharra.

Hurrengo mendean debeku eta zigorrak gogortu ziren, baina hala ere ihauteriak iraun zuten herriaren nahia zelako; XX.mende hasieran Tuterako (N) mozorroek –cipoteros- alkatea giltzaperatu zuten ihauteriei hasiera eman ahal izateko. Askatu zelarik sobera berandu zen. Espainiako gerlak ( 1936- 39) –Hegoaldean hain bortizki kolpatu zuenak- gure herrietako ihauteri askoren suntsipena erakarri zuen, beranduago zenbait berpiztu badira ere Lantz (N) eta Altsasukoak (N) bezala.

Aspaldian Garizuma baino lehenagoko hiru ostegunak ospatu egiten ziren. Lehenbizikoak izakunde (Baztan, N), aitakunde (Bidankoze, N) edo gizakunde (Huitzi, N) izena hartzen zuen, azken hau hedatuena zelarik; bigarren ostegunak emakunde / andrekunde eta azkenak orakunde/ orokunde.

Ihauteriak gizakundez hasten ziren; egun horretan zenbait herritan mutilek neskei, lepotik helduta, esaten zieten: zer aintzen diazu? Askatuak izan zitezen musu edo oparitxoren bat ordain eman behar zieten neskek. Emakundez gauza bera, baina alderantziz: neskek mutilei. Horrelaxe egiten zen Larraun (N), eta Araitz (N) ibarretan adibidez. Orakunde guztien festa zen, Zigan (N) bezala. Beste herri askotan Zanpantzart izeneko pertsonaia erretzen zuten Garazi aldean (NB) bezala edota Lapurdi aldean, Markitos Zalduondon eta Oreitian (A), Miel Otxin Lantzen (N) eta abar luze bat."


*Garizuma: Kristau-erlijioan, Jesu Kristok basamortuan egin zuen baraualdiaren oroitzapenetan penitentzia eta otoitza egiteko eratua eta Hausterre-egunetik Pazko-igandera arte berrogei egun irauten duena.

2010-01-31

Elkarretaratze jendetsu batekin eman diote amaiera ostiral arratsaldean presoen alde 10 lagunek hasitako baraualdiari

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek aste honetan zehar kartzeletan burutu duten gose-grebari jarraituz, 10 herritarrek asteburuko "Baraualdi-kanpaldia" burutu dute Argala plazan.

Elkartasun ekintza hau, ostiral arratsaldean hasi zen, Lonbotik Argala plazaraino egindako giza katearekin. Bertan, 50 lagun inguruk parte hartu zuten. Giza-katea plazara heltzerako hainbat lagun zeuden kanpalekua prestatzen.

Hasiera batean, baraualdian parte hartuko zutenek kanpaleku osoa plazan altxatzeko asmoa bazuten ere, eguraldiak laguntzen ez zuenez, "kanpin-denda nagusia" (bideo emanaldiak, hitzaldiak,... eta behar bazen lo egingo zen lekua) udaletxeko aterpean jartzea pentsatu zuten. Baina euria eta hotza oztopo txikia bailiran, beste bat gehitu zitzaien, alkatearen jarrera. Eta horrela ba, udaletxeko komunak erabiltzea ukatzeaz gain, udaletxeko arkupea ere ez zien erabiltzen utzi.

Baraualdia burutuko zutenek, poteoan zebilen alkatea ikusi eta beragana jo zuten egoera konpondu eta berbideratzeko asmoz. Baina honek hitz egiteari ere ezezkoa eman zion. Baina ez zen erantzunik eman gabe geratu. Ordu bete ingurura (polizia) munizipalak bidali zituen arkupeak hutsik zeudela baieztatzeko, eta bide batez, udaletxeko kartelak kentzea agintzeko.

Dena den, oztopoak oztopo, ekimenak aurrera egin zuen. Ostiral gauean bertan, "Itsasoaren alaba" dokumentala ikusi zuten "kanpin-denda nagusian", eta larunbat gauean Gerra Zibilaren inguruko tertula izan zen. Gaur, igandea, kontzentrazio jendetsua burutu dute ekimenari amaiera emateko hamarnaka lagunek.

Esan ere, bat baino gehiago izan direla tartetxo bat hartu eta baraualdia egiten zutenei babesa ematera kanpalekura hurbildu direnak.

2010-01-23

AHT-ren aurkako manifestaldia

Gaur arratsaldeko 4retan burutuko da beste behin ere, aht-ren aurkako manifestaldia. Oraingo honetan Hendaian hasi eta Irunen amaituko da, erakunde eta alderdi askoren babesa duelarik, besteak beste: Nouveau Parti Anticapitaliste (NPA), AB, Aralar, Batasuna, Berdeak, ELB, LAB, BLE elkartea, Segi gazte erakundea...

Manifestaldi jendetsua izatea espero da.


2010-01-10

Nora garamatza bolonia prozesuak?

Bolonia prozesua hurrengo ikasturtean jarriko da martxan Euskal Herriko unibertsitate gehienetan, eta gehienetan diodanean, ez da batzuetan aplikatuko ez delako, zenbait unibertsitate pribatutan martxan jarria delako baizik.

Jakina denez, aldaketa handiak ekarriko dizkio hezkuntza ereduari, baina, unibertsitateetako ikasleek ezer gutxi dakite aldaketa horien inguruan, esan daiteke, ezkutuan eta ikasleen iritzia kontuan hartu gabe emandako pausu berri dela, baina, norantza garamatza pausu berri honek?

Hurrengo bideoan Krap taldeak boloniaren inguruan egindako abestia ikus daiteke:

Informazio guztia ezkutatu digute... atzetik zerbait dagoenaren seinale!

2009-12-28

Kapitalismoa: munduaren suntsiketa

Ba al dakigu erosten dugun guztia nondik datorren?
Eta nora doan?
Zergatik dabil gertatzen aldaketa klimatikoa?
Nork eta zertarako sortzen ditu modak?
Zergatik erosten ditugun produktuek erosi eta gutxira ez dute balio?
...

Hurrengo bideoan aurreko galderak (eta beste hainbat) erantzuteaz gain, munduaren funtzionamenduaren berri emango digute, era argi eta labur batean. (Bideoan Estatu Batuen inguruan hitz egiten badu ere, gure herrian ere gauza bera gertatzen da, horrenbestez, ez da han bakarrik gertatzen den gauza bat, ia mundu osora hedatu egin den zerbait baizik)

ikusi eta atera zure ondorioak


Zabaldu ezazu bideo hau ahalik eta gehien!

2009-12-25

Aurten, erregeak berak idatzi du gabonetako diskurtsoa

Azken urteetan Erregea ez da pozik irten abenduaren 24ean eman ohi duen diskurtsotik, izan ere, gobernuko lotsabakoren batek idazten dio esan beharrekoa, eta horrek ez dio grazia handirik egiten, hainbat gezur (gehiena, dena ez bada) esatera behartzen duelako, eta gizon hau, guztiok dakigun moduan, on hutsa da eta ez du gezurren jokoa gogoko.

2009ko diskurtsoa, ordea, ezberdina izan da, erregea matxinatu eta bere diskurtso propia idatzi duelako, non jator ibili den, inolako gezurrik esan gabe.

Hona hemen atzo eskeinitako hitzaldia:


2009-12-22

Erregea eta Franko: bi lagun, helburu bakarra

Urtero legez, abenduaren 24ean Espainiako erregeak bere diskurtsoa (gobernuak egokitua, duda barik) botako du. Aurten, baina, Lopezen gobernuak (Madriletik kontrolaturiko txotxongiloak), gezurrez eta beteko ez diren promesez beteriko diskurtso aspergarria ETBen ematea erabaki du.

Ez dezagun ahaztu, Espainiako errege den Juan Carlos I.a frankok hautatua izan zela, eta Frankok berak esan bezala, ``atado y bien atado´´geratzen zen Espainia zatiezin baten zaindari nagusia bilakatu zen orduan, herritarren hitza kontuan hartu gabe hartutako beste erabaki bat.

Francok erahildako milaka eta milaka herritarren hilketa kondenatzen (hain modan jarri den, eta dirudienez, batzutan edo batzuekin bakarrik erabili beharreko hitz miresgarria) ez duen eta Espainiar estatuko herri guztiak mehatxu militar baten pean dituen jauntxoaren hitzak entzutera behartzen gaituzte orain, eta gero, zerekin etorriko zaizkigu Lopez eta bere lagunak?

Amaitzeko, Juan Carlosek Francoren inguruan esandakoak ekarri nahiko genituzke gogora:
"Una figura excepcional entra en la historia. El nombre de Francisco Franco será ya un jalón del acontecer español y un hito al que será imposible dejar de referirse para entender la clave de nuestra vida política contemporánea. Con respeto y gratitud quiero recordar la figura de quien durante tantos años asumió la pesada responsabilidad de conducir la gobernación del Estado. Su recuerdo constituirá para mí, una exigencia de comportamiento y de lealtad para con las funciones que asumo al servicio de la patria. Es de pueblos grandes y nobles el saber recordar a quienes dedicaron su vida al servicio de un ideal. España nunca podrá olvidar a quien como soldado y estadista ha consagrado toda la existencia a su servicio. "

Hurrengo bideoan argi ikusten da aurretik esandakoa: nor den erregea, nork eta zergatik hautatu duen...



Herrien askatasuna lortzeko bidean...ERREGERIK EZ! eta bestelako inposiziorik ere ez!!