2009-01-17

Padura "A"k 7 eta 1 irabazi dio Zaratamori

Umeen "A" ligako 10. jardunaldiko partida jokatu dute goizean Padurak eta Zaratamok.

Hasi bezain laster aurreratu dira bizilagunak. Goitik zetorren baloia urruntzerakoan huts egin du Andonik eta bere atean sartu du. Denborak aurrera egin ahala hobeto jokatzen hasi dira Arrigorriagakoak, eta gola sartzear egon badira ere huts eta batekoarekin amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatian aldaketa ugari egin ditu Padurako entrenatzaileak eta horrek on egin dio taldeari. Horrela, partida berdintzea lortu dute Arkaitzen golari esker, eta hortik gutxira aurretik jarri dira Landerrek sartu duen golarekin. Bigarren zatia horrela amaitu da, bi eta bat.

Hirugarren zatia hasi eta berehala hiru eta batekoa igo da markagailura, Enekok ateratako kornerra Zaratamoko jokalari batek bere atean sartuta. Hortik aurrera jaun eta jabe izan dira Padurakoak eta Zaratamokoek amore eman behar izan dute. Lau eta batekoa Enekok sartu du ezkerrez. Segidan iritsi da bosgarrena ere, Landerrek areaz kanpo egindako jaurtiketa bikainari esker. Seigarrena benetan ederra izan da. Andonik zelai erditik ateratako falta atezainaren gainetik sartu du Enekok atzelariei bizkarra hartuta. Azkena ere Enekok sartu du bakarrik egindako jokaldian.

Horrela ba, Padurak zazpi Zaratamok bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario