2009-02-27

3 gazte identifikatu eta ordu betez geratu dituzte 6 Ertzainek Piedras Rojas Gaur aldizkariaren kartelak itsasten ari zirela

Gertatuaren kronika:

Urtea hasi zenetik herriko berriak eta herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeenak sareratzen aritu ostean, Piedras Rojas Gaur aldizkariaren berri emateko eguna iritsi zen atzo. Horretarako talde gehienek egiten duten bezala kartelak itsatsi genituen.

Hasi ginenean apenas zegoen jenderik kalean: pare bat polizia inkognitoz eta (polizia) munizipalak herritarron diruarekin ordaindutako gasolina, hara eta hona paseoan, gastatzen. Kotxean goxo-goxo egongo ziren, zeren ez ziren agurtzera ere geratu.

Hortik gutxira, jada ez zegoen (polizia) munizipalik. Eta Ertzaintzako agenteak agertu ziren orduan. Hitzak esaten duen moduan herria zaintzeko omen daude, eta gu gauaren erdian horren bakarrik geundenez gugana etorri ziren. Gu zaintzeko izango al da? pentsatu genuen. Eta bai hala zen, baina ez arriskuan ginelako baizik eta zer egiten genuen kontrolatzeko. Bi kotxe eta lau Ertzain: bata burua estalita (itsusia zelako?, lotsatia zelako?, ezaguna zelako?,... auskalo!), bestea balen aurkako txalekoarekin (erratzarekin joko genuen beldur izango zen...), guztiak pistola eta borrekin (erratza, baldea, papera... arma arriskutsuak genituen eskuartean!),... Eta gu hiru gazte: erratza, baldea eta paperezko kartelekin.

Zaharrenak kartelak eskatu (gaztelania elegantean, noski), lurrera bota eta oinarekin sakabanatu zituen ea zer jartzen zuen ikusteko.
Gero zaunkaka hasi zen:

-¡A ver sacar el carne! -Ertzain zaharrak-.
-Ez daukagu.
-Bueno pues apuntales -esan zion Ertzain gazteari-.
-Esango diguzu zure identifikazio zenbakia, mesedez -guk-.
-Gero!
-Ez, lehenengo identifikatu zaitez zu, mesedez -guk-.
-¡O empezais a hablar o os llevo detenidos!¿Esta claro?

Eta orduan gure datuak apuntatzen hasi ziren. Bitartean kotxera joan, etorri, berriz ere joan,... Nortzuk ginen frogatu zutenean bazihoazen eta guk mesedez identifikatzeko eskatu genion berriro ere. Eta berak: "Mira si teneis algun problema poneis una denuncia o hacer lo que tengais que hacer" jator jator.

Kotxera joan ziren eta guk lanarekin jarraitzea erabaki genuen. Segundu gutxira burua estalita zuen Ertzaina gugana etorri zen: "Teneis que esperar aqui un momento, parece que hay un problema". Berriz ere zain, eta Ertzainen beste kotxe bat iritsi zen. Burua omen zetorren hor. Gugana hurbildu, hiru kartel hartu eta kotxera joan zen. Honi ere, mesedez identifikatzeko eskatu genion baina lehenak egin bezala ukatu egin zen. Tartean ea hori zer zen galdetu ziguten birritan eta guk kartelean argi ikusten zen moduan "blog" bat zela esan genien. Minutu batzuetara berriz etorri eta kartelekin geratuko zela esan zigun. Baina ez pentsa itsasten laguntzeko zenik e! Informea egiteko behar omen zituen...

Azkenean, bakean utzi gintuzten eta lanarekin jarraitu genuen. Bukatzear geundela (polizia) munizipalak agertu ziren berriro ere (lehenengo hauek; gero desagertu eta Ertzainak agertu; Ertzainak joan eta beraiek agertu;... kasualitatez betetako bizitza, alajaina!). Birritan pasa ziren gugandik metro batera eta ez ziguten ezertxo ere esan. Akaso ez gintuzten ikusiko...

Hiru Ertzain, hiru bertsio:


Gelditu gintuen lehen Ertzainak (zaharrak): "Os hemos parado por que igual estais incumpliendo una ordenanza municipal" (kolarekin itsastearren)

Burua estalita zuenak: "Badakizue zergatik geratu zaituztegun ez? Deitu digute esaten D3Mren kartelak itsasten ari zinetela."

Burua omen zenak: "Jarri behar ez ziren lekuan jarri dituzue kartelak eta informe bat egingo dugu udaletxeari emateko"

Ea hurrengoan, zerbait esan aurretik, pixka bat pentsatu (gehiegi ere ez dugu eskatuko) eta zer esan adosten duzuen. Eta ahal izanez gero bakean dagoena bakean utzi!

No hay comentarios:

Publicar un comentario