2009-03-31

Zirkoko bandera, boterearen askatasuna

Pasa den asteazkenetik itxura berria dauka herritarren etxea izan behar lukeen zirkuak. Izan ere, Arrigorriagako bandera eta Ikurrina, Athletikeko bandera batengatik eta balkoiak estaltzen dituen oihal zuri-gorriagatik aldatu dituzte.


Ezaguna da, banderak direla eta ez direla dagoen (edo sortu duten) eztabaida. Españako bandera dela, Europakoa, Ikurrina,... zein ote da erakunde ofizialetan jarri behar dena? zeren arabera?

Baina gurean, horren bereziak garenez (Azkuna jaunak ere berea egin zuen Bilbon, Bilboko bandera erraldoia jarriz), zerbait berezia egin behar genuen. Eta hara zer egingo eta zirkua Athletikez jantzi. Nire ustez, Kopako finalera heldu delako izango da (akaso ez zenuten entzungo, baina bai, Athletik Espainiako Erregearen Kopako finalera heldu da). Finala, maiatzaren erdialdean da, baina, antza denez, herriko zenbait hasiak dira eguna prestatzen.

Ez deritzot txarto, egun horren harira (sortutako ikusmina ikusita) pantaila erraldoia jartzea herritarroi partida beti ez bezala ikusteko aukera emanez. Baina hortik guztiona omen den eraikin batean erakunde pribatu horren bandera jartzea? noiz ikusi da hori? Emakumeen egun sinbolikoan, tratu txarren aurkakoan, euskararen egunean,... eta beste hainbestetan ez da halakorik egin. Eskola zaharretan plastiko bat jartzen da eta kitto (Athletikek kopa irabaztea euskararen egoera normalizatzea, berdintasuna lortzea, eta tratu txarrak desagertzea baino garrantzitsuagoa dela dirudi...)

Aurrekari arriskutsua da. Ez harritu zirkuko mastan zapi arraroak ikusten badituzue aurrerantzean: Cementos Rezolarena, Eroskirena, BBKrena, Españakoa,...

No hay comentarios:

Publicar un comentario