Gazte Martxa
Amaiurren hasi eta Donibane Garazin amaitu berri den gazte martxan, bi gauza izan dira nagusi, besteak beste, hiru egunetan zehar: euria eta gazteen oihuak.
Harrera ekitaldia amaitu orduko euria hasi, eta hurrengo egunera arte halaxe segi zuen. Hemendik aurrera ere, ez pentsa hodeiak gehiegi alfertuko zirenik, orain bai, orain ez ibili ziren eta. Euriak ez ezik elurrak ere agurtu zituen martxalariak. Gehiegi ere ez zen izan, baina Erratzutik Baigorrira bidean, Izpegin gora, elur malutek ordezkatu zituzten euri tantak minutu batzutan.
Eguraldiaren eraginez gutxi batzuk etxera bueltatu baziren ere, asko izan ziren, nola edo hala, aurrera egin zutenak. Egia da, antolakuntzak aurreikusitako akanpalekuak ez zirela gehiegi bete, baina askok euren kabuz antolatzeko duten ahalmena erakutsi zuten. Etxe hutsetan, bertakoek utzitako txokoetan, autobus geltokietan, rugby zelaiko harmailetan, etxeetako eta dendetako atarietan,... ahal zen lekuan babestu ziren gazteak lo egiteko.
Horrela ba, eta bakoitza bere erara moldatu bazen ere, milaka gazte heldu ziren Donibane Garazira hiru eguneko martxari jai-giroan agur esateko.
Irundik Hendaiara, aberri egunez
Igandean milaka abertzale elkartu ziren Irundik Hendaiarako bidean, Euskal Herria bi estatutan artifizialki banatu arren, herri bakarra dela erakusteko.
"JesuKRISTON obraren aurkako martxa"
Zaratamoren magalaren zulaketa bideratu eta gero, San Miguel zulatzen hasi dira. Horrela, pixkanaka-pixkanaka aurrera doa herritarron "ordezkariak" omen direnek, multinazionalekin kontsultatu eta gero, egitea erabaki duten txikizioa.
Ez dakit herritar asko euren iritzia noiz galdetuko zain dauden, edo jaun goikoak esan duenez egokiena hori egitea dela ebatzi duten, edo besterik gabe berdin-berdin zaien. Baina batzuk behintzat ez daude geldi eta berriz ere naturaren errespetua eskatuko dute. Horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako, AHT gelditu elkarlanekoek. Besteak beste, Mendi martxa (Arrigorriagatik Galdakaora) eta Prozesioa ("Zementuaren amabirginarengana") egingo dira.
Bilbotik Getxora bizikletan, industria militarraren aurka
Kakitzat, Ekologistak martxan, Komite Internazionalistak eta Askapenak industria militarraren aurkako bizikleta martxa antolatu dute. Bilbon hasi eta Getxon bukatuko den martxak Euskal Herrian indarrean dagoen armagintza politika salatu nahi du. Batetik, administrazioaren aurrekontuen desmilitarizazioa eskatuko da, eta bestetik, armagintzari emandako diru-laguntzen etetea. Horretarako, Barakaldoko "Precicast" eta Getxoko "Sener" armagintza enpresen ondotik igaroko dira txirrindulariak.
Sener: Ingeniaritza militarrean dihardu eta “Eurofighter” europar konbate-hegazkinaren eta KEPD-350 “Taurus” Gurutzaldi-misilen osagaiak egiten ditu. Gainera, gaur egun, Gazako sarraskian erabilitako sentsore batzuk diseinatzen ari dira. Sentsore hauek bonbardatu nahi den helburua fokalizatu eta aurkitzeko balio dute. Zehazki, 2001etik aurrera parte hartzen du IHU unitateen fabrikazio eta garapenaren proiektuan. Hauek, Israelgo Rafael armagintza enpresaren RecceLite errekonozimenduko “pods”en oinarrizko osagaia dira.
Precicast: Airbus A400M Garraio Militarrerako Hegazkinaren piezak eta europear konbateko “Eurofighter” hegazkinak egiten ditu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario