
Zenbat zabor sortzen du pertsona bakoitzak egunero? Naturak asimilatu dezakeena baino nahikotxo gehiago.
Zenbat zabor sortu liteke txosna gune batean gau bakarrean? Zenbat basu ikus daitezke zoruan goizeko 7retan? Eta hori jai-egun guztiekin biderkatzen badugu? Eta azken emaitza hau Euskal Herrian dauden txosna-gune kopuruarekin biderkatzen badugu? Astakeri galanta erabat ziur.
Arrigorriagako txosna batzordean iaztik hasita eztabaida hau suertatu zen. Ez ote genuke basu-ekologikoen erabilera bultzatu behar? Hau da, gauero hartzen diren 10 kaña edo freskagarri horiek hartzeko zein logika dauka 10 basu ezberdin erabili eta lurrera botatzeak?
Aldiz, badago logika aurkitzen dionik, alegia, jende askok nazkagarri deritzo gau osoan basu berdinetik edateari: Eta bi edari ezberdin edan nahi badituzu?
Sabelean dena elkartzen da, esango nizuke nik...hortaz tripako mina izango baduzu, berdin da basu bat edo bostehun erabiltzea, baina horrenbesteko nazka emanez gero, iturri ederrak daude txosnen inguruan.
Beste batek esango luke: "Joder, baina basu-ekologikoak saltzearekin negozio galanta egiten duzue txosnek!".
Agian proposatu litekeena zera da: Basuengatik "euro 1 edo" ordaintzea eta zure egarri ase-ezin hori amaitzean, basu hori itzuliz zure euro hori berreskuratzea.
Baina orduan esan genezake txosnetan lanean gaudenok: "Joder, baina basu-ekologikoak bueltatze kontu horrekin, guk horiek garbitzen kriston lana egin behar dugu"(ohita gaude ere, esan beharra dago, baina dena den).
Orduan, bururatu beharko litzaiguke guztioi: Ostia, eta bakoitzak bere basua etxera eraman, bertan garbitu, eta hurrengo egunean jeisten badu? Eta are hobeto, San Ferminetan zapia bakoitzak bere etxetik jaisten duen bezala, basu hori urtero jaitsiko bagenu? Edo jaien azken egunean txosnetara zure euro horren truke bueltatu? Edo Txoporrotrokako jaietako basua erabili? Edo etxean betidanik izan dugun metalezko katiluaz baliatu?
Eta beste askok esango lukete orduan: "Joooo, baina rollo bat da tio, basu batekin gau guzzztia tio".
Eta azken esaldi horrekin jadanik argi geratuko litzateke zein eroso bizi garen despilfarrearen kulturan eta zein gutxi inporta zaigun natura eta zabor piloak sortzea.
Agian arrazoi dutela askok, ohiturak aldatzea gogorra dela... baina ohitura urte bakarrean aldatu liteke, ezen denboraren joanean ohartu baitzaitezke ohituta zaudela, eta jadanik basua poltsikoan duzula, edo poltsoan, edo soka batetik eskegita, edo edateari utzi ez dion horrek eskuan izan duela gau osoan.
Ostras, egia bada, ez badiot edateari utzi, zertarako kristo libratu behar ditut eskuak 2 minutuz?
Jarraitu pentsatzen... ona dala, eta eztabaida kalera!
No hay comentarios:
Publicar un comentario