2009-01-03

Ongi etorri PIEDRAS ROJAS GAUR

Lanari ekin diogu. Uste baitugu Arrigorriagako Herriak ez duela informazio osatu bat. Herrian banatzen dira "Arrigorriaga Hoy" eta "Cronicas Basauri-Arrigorriaga" moduko aldizkariak, baina badakigu lantalde hori, herrian hainbeste zer egiteko izanik, denboraz estu dabilela alkatearen ibilaldiez haratago doazen berriak kaleratzeko. Eta ez diegu meriturik kendu nahi, ez baita lan makala argitalpen bakoitzean hain pose ederrak lortzea. Baina zertxobait exigenteak gara antza, eta zeozer gehiago behar dela uste dugu (baina uste dugu apurtxu bat gehiago, ez dadin inor haserretu, apurtxu bat bakarrik (azken batean ondo dakigu ke "pixka bat es mucho").
Horregatik 2009 honetatik aurrera Arrigorriagako herritar batek izan ditzakeen kezka ezberdinen gaineko informazio gehigarria zabaltzen saiatuko gara.
Ez gara beste batzuk bezain esperientziadunak lan hauetan eta izena aukeratzea ez da erreza izan, gehien gustatzen zitzaigun "Arrigorriaga Hoy" izena hartuta zegoelako. Orduan apur bat kopiatuz (baina asmo txar barik), eta logika bera jarraituz, gure bizilagunek herriaren izena euskaraz eta gainontzeko informazio guztia gazteleraz eskaintzen duten bezala, guk alderantzizkoa egitea pentsatu dugu.
Egokiago deritzogu alderantziz izateari, hau da herriaren izena euskaraz eta informazioa euskaraz. Beraz, proposamen bat (baina presarik gabe): guk "Piedras Rojas" utziko dizuegu informazioa gazteleraz zabal dezazuen, eta hartara jende gehiagorengana hel zaitezten, eta guk "Arrigorriaga" hartuko dugu (ez hain mundiala, ez hain Guggenheim-en parekoa, baina betikoa, ohiturazkoa, herritarragoa).
Dena den, badakigu, udaletxetik kultur-etxera, haindik gaztegunera eta bertatik lonbora tramite luzeak behar direla, eta horregatik, herri honetan guztiok hain jatorrak garenez, lasaitasunez egitera gonbidatzen zaituztegu, bai baitakigu lanez gainezka zaudetela.
Hori da ba. Eta internet hau batzutan hain hotza denez eta ongi etorri bat egitea ez denez batere erraza, zer erremedio guk gure buruari ongi etorria egitea baino. Beraz...

ONGI ETORRI PIEDRAS ROJAS GAUR!

1 comentario:

  1. Anónimo09:04

    ongi etorri bai!!

    ea pixkanaka esnatzen hasten garen...

    ResponderEliminar