2010-02-13

MOZORRATURIK

Mozorrotzeko ohitura nondik dator? zer dela eta? zertarako? zein helbururekin?

Hona hemen, horri buruz hitzegiten digun historio txiki bat.

"Kristautasunaren egutegian *Garizuma garrantzi handikoa da. Elizak gizartean eragin handia zuen garaian penitentzia eta baraualdi aro hau gogorra ohi zen; horregatik Garizuman sartu baino lehenagoko aldia alaiki ospatzen zen arau eta giza legeen gainetik, aro hitza heldu arte. Dudarik gabe kristautasuna baino lehenagoko ospakizun zaharrak ere nahasi egiten ziren. Festa honek izen desberdinak ditu: iñauteak, ihauteriak, iyoteak, aratuzteak…

Ihauterietan herriak mozorroz betetzen dira, izen desberdinak hartzen dituztelarik: mozorro/moxorro (Goñi, N), momoxarro/ momotxorro (Altsasu, N), kokomarroak (Elorrio, B), kokoxak (Markina, B)…

Gizarte arauak orain baino itogarriagoak ziren garaian ihauteriek garrantzi handiagoa zuten; ihauterietan dena haizu baitzen, gizarte molde guztiak bestelakatzen ziren: eskale zena aberats bilakatzen, gizonezkoak emazte, laikoak elizgizon, apezak apezpiku…

Iraultza hau ez zen agintarien gustukoa, jakina, horregatik behin eta berriz debekatzeko saioak egiten zituzten, edota zigor galantak ezartzen; adibidez
1601. urtean Iruñeko (N) ihauterietan apez batek, kalean kardinalarena egiteagatik, gogorki ordaindu behar izan zuen: bi urtez hiritik erbesteraturik, urtebete lan eta soldatarik gabe eta isun bat ordaindu beharra.

Hurrengo mendean debeku eta zigorrak gogortu ziren, baina hala ere ihauteriak iraun zuten herriaren nahia zelako; XX.mende hasieran Tuterako (N) mozorroek –cipoteros- alkatea giltzaperatu zuten ihauteriei hasiera eman ahal izateko. Askatu zelarik sobera berandu zen. Espainiako gerlak ( 1936- 39) –Hegoaldean hain bortizki kolpatu zuenak- gure herrietako ihauteri askoren suntsipena erakarri zuen, beranduago zenbait berpiztu badira ere Lantz (N) eta Altsasukoak (N) bezala.

Aspaldian Garizuma baino lehenagoko hiru ostegunak ospatu egiten ziren. Lehenbizikoak izakunde (Baztan, N), aitakunde (Bidankoze, N) edo gizakunde (Huitzi, N) izena hartzen zuen, azken hau hedatuena zelarik; bigarren ostegunak emakunde / andrekunde eta azkenak orakunde/ orokunde.

Ihauteriak gizakundez hasten ziren; egun horretan zenbait herritan mutilek neskei, lepotik helduta, esaten zieten: zer aintzen diazu? Askatuak izan zitezen musu edo oparitxoren bat ordain eman behar zieten neskek. Emakundez gauza bera, baina alderantziz: neskek mutilei. Horrelaxe egiten zen Larraun (N), eta Araitz (N) ibarretan adibidez. Orakunde guztien festa zen, Zigan (N) bezala. Beste herri askotan Zanpantzart izeneko pertsonaia erretzen zuten Garazi aldean (NB) bezala edota Lapurdi aldean, Markitos Zalduondon eta Oreitian (A), Miel Otxin Lantzen (N) eta abar luze bat."


*Garizuma: Kristau-erlijioan, Jesu Kristok basamortuan egin zuen baraualdiaren oroitzapenetan penitentzia eta otoitza egiteko eratua eta Hausterre-egunetik Pazko-igandera arte berrogei egun irauten duena.

1 comentario:

  1. Anónimo14:29

    Eta zer bilakatu dira gaur egun?

    Gabonak edo San Valentin bezala ez ote dira kontsumismo absurduaren beste adibide bat?

    Asteburuan Laudion edo Bilbon daudenetatik zenbatek egiten diote barre legeari? Ez ote die legeak eurei barre egiten mozorroa erostean eman duten diru guztiarekin? Gainera egun horretan zenbat gastatzen du bakoitzak alkohol edo bestelako drogatan? Ez ote da "gorarte" jartzeko egun seinalatu bat?

    Bestela ikusten ditut, eskolako ume-irakasleak. Hor sormenari aukera ematen zaio, ez dago gastu handirik eta umeak zein baino zein irribarretsuago daude. Urteroko ostiral hori polita iruditzen zait.

    Ez du honek esan nahi asteburuan irtetzen diren "nagusiago" horiek guztiak ardi-hutsak direnik, badago material zaharra edo etxeko arropekin zerbait antolatzen duena, baina gehiengoa ez da egunerokotasunean bizi dugun eredu horretatik urruntzen: pasarelatako modelo ezin-gaixoagoen imitazio tristea.

    ResponderEliminar