Aurten abortatzeko eskubidea nabarmendu da gainontzeko aldarrikapenen gainetik. Handia da abortua dela eta ez dela dagoen eztabaida: estatua, alderdi politikoak, eliza, legeak, emakumeak,... denek omen dute zer esana, baina nork dauka (eta nork eduki beharko luke) azken hitza? estatuak? elizak? edo emakumeek?
Gainera interes ezberdinak nahastu dira eztabaidan: emakumeenak, ekonomikoak, ideologikoak,... baina zerk dauka (edo eduki beharko luke) benetan garrantzia?
Egia esan, bizi izan naizen urteetan ez dut abortatzeko beharrik izan, eta gizon gehienen antzera (uste dut) ez dudala izango. Ez naiz aditua gai honetan, baina norbaitek abortatzekotan (kasuen %100an gutxienez) emakumea izango dela suposatzen dut. Baina batzutan zalantzakor jartzen naiz. Hain ozen entzuten zaie telebistan elizako buruei, alderdi politiko batzuetakoei, "adituei",... abortuaren aurka hitz egiten, ezen gizonak izan arren, abortatzeko zorian egon direla ematen duen. Eta hain apal entzuten zaie telebistan emakumeei, ezen inoiz ez dutela bizi izan ematen duen.
Nik dakidala, abortatzeko eskubidea da aldarrikatzen dena (ez da inor behartu nahi abortatzera, ez bestelako esperimentu arrarorik egin nahi). Abortatzeko beharra duen edo ez norberak (batzutan ingurukoek) jakingo du(te) inork baino hobeto, ez?
Arrigorriagan parke bat behar badugu (asko ditugu bai, baina saiatu imajinatzen) nork erabakiko du (edo nork erabaki beharko luke hobeto esanda, ze nork erabakiko duen badakigu...) egin edo ez: Obamak? Aita Santuak? Azua alkateak? Herritarrek?
Askatasunik gabeko mundu aske batean bizi garela sinestarazi nahi digute. Baina erabaki garrantzitsuak, hau da, benetako erabakiak (ikusi eta entzun eduardo galeanoren hizketaldia) beti betikoek. Besteok ez gara erabakiak hartzeko gai ala?
Martxoak 8, 9an
Institutuan hainbat ekintza egin zituzten emakumeen egunaren harira martxoaren 9an. Hona hemen futbol partidako irudi batzuk eta botatako bertsoak:
...eta 10ean, 26an, apirilaren 18an,... zer??
Martxoaren 8an akordatzen gara emakumeez; azaroaren 25ean tratu txarrez; abenduaren 3an, Korrikan,... euskaraz;... Mezuaren oihartzuna handitzeko egun konkretuak aprobetxatzea ondo dago, baina balio dezaten, egunero bizi behar dugu euskaraz, berdintasunean,...
No hay comentarios:
Publicar un comentario